XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urtetan euskalgintzan ari garenon ondoan hementxe izan zarete kimu berriak, guk geuk eta gure aurrekoek bizi izan ditugun ez bezalako garaitan etorritakoak.

Gauza izan behar duzue, hasitako bideari eutsiz, zeuon buruak prestakuntzarik onenaren jabe egin eta behar berriei erantzuteko gai bihurtzeko.

Eske-xorta mami bat egin beharrean gara bestalde, bihotz-bihotzetik egin beharrean ere, atzerritar jakitun prestuoi eta entzule gisa Euskara Biltzarrean parte hartzera etorri zareten jakinminezko kanpotar, eta jadanik adiskide, ugarioi.

A) Euskaldunok mandatari zuhurren beharrean gara, gure ttiki eta ñimiñoaren nabarmenak eskatzen duen zuhurtziaz barne-muinetan tinko iltzaturik dugun gogo xotil bezain ernagarria mundu zabaleko lau haizetara banatu eta jakinaraziko duten mandatarien beharrean: - Herri bat garela eta izaten jarraitu nahi dugula.

@- Asaba zaharren esan-eginak, mende joanetako beraien neke eta poz-itxaropenak, besteren destainurako ez baina euskaldun guztion ohore eta bizigarritarako ondo ainzakotzat hartuak dauzkagula.

- Euskara dugula euskaldunok, zinez eta beraz, bizi-iraupenezko herri-gogoz hornitzen eta osatzen gaituen zimentarri nagusi eta lehena.

Hau da beraz, labur-zurrean esanik, zoazten herrialdetara zoaztelarik euskaldunon berri jakin nahi luketenei azaltzeko ematen dizuegun mezu apal bezain bihozkorra.

B) Trukean ezingo dizuegu, agian, merezi duzuen adinbat eskaini.

Baina esku-hutsik ere ez ezazue uste gaudenik.

Zerbait bederik eskaintzeko eran gauzkazue, eta eskaintzeko gogoz.

Zer ote da esku-erakutsi hori?.

Zuetariko askok lan garrantzitsuak eginak dituzue, nork bere jakintza-sail ongi berezituan, hizkuntzaz eta hizkuntzaren inguruko hainbat zertzeladaz gizajendeak dugun ezaguera zabalduz, zoko-bazter ilunak argituz eta behialako uste oker edo osagabeak zuzenagotuz.

Munduan zeharko hizkuntza handiak izan dituzue horretarako, beti ez bada ere askotxotan bederen, aztergune eta probagai: hala gertatu eta gertatzen da hori, maiz asko, hizkuntzaren deskribapenari dagokion sailen bezala hizkuntzen gizarte-baldintzak aztertzerakoan eta hizkuntz irakaskuntzaren alorrean ere.

Euskarak baduelakoan gaude, bere txikitasunean ere, guztioi zer erakutsi: @- Hizkuntzalariontzat baliagarri gertatu ohi da bera, jatorriz eta egituraz aski berezi eta desberdina den adibide hurbil eta geroz eta dokumentatuago bat irispidean jartzen dizuelako.

@- Soziolinguista eta hizkuntz soziologoontzat ere badu lanbidezko erakarmenik, galzorian eta herio-arriskuan dagoen hizkuntza batek zeuon alorreko zientzi azterketarako probaleku ezin aproposagoa eskaintzen bait du, osasunaren giltzarriak aztertu nahi dituen mediku-ikerlariak ere gaitzak jota dagoenarengan inon baino ikasbide zuhurragoak jaso ditzakeen modu berean.

- Eta glotodidakta guztiontzat da, azkenik, aztergune ernagarri.

Euskal Herriak berrikitan abiatua duen elebitasun-formulak beste leku gutxitan bezainbateko gordintasunez erakuts ditzakeelako irakaspide desberdinen goibeheak eta on-gaitzak.